2015(e)ko maiatzaren 19(a), asteartea

AINHOA URIEN. FABRIKAZIO MEKANIKAKO IKASLE OHIA



Ainhoa, 38 urte, lizentziaduna Biologian, Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan moduluko ikasketak burutu zituen IURRETA GLHBIn, hainbat enpresetan beharrean jardun eta gero Kalitatearen eta Ingurumenaren esparruetan.

 
 Zer dela-eta aukeratu zenuen Fabrikazio Mekanikoa?
  
Krisiarekin, itxi egin zuten nik behar egiten nuen enpresa, eta beharrik gabe geratu nintzen. Nire lan ibilbideagatik, eta eginak nituen hainbat ikastaro zirela-eta, banituen ezagutzak Kalitatearen eta Ingurumenaren esparruetan, baina jaso gabea nintzen heziketa arautu bat halakorik bermatuko zuenik. Indar handiagoa eman gura nion nire curriculumari heziketa arautu hori-eta erantsita, eta ikusi nuen Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan lotuta zegoela Kalitatearekin.

Ze proportziotan zineten klasean andrazkoak eta gizonezkoak? Ze adin eta ikasketetakoak? 

Neskak ez ginen bi baino. Osterantzean mutilak.
Edozelan, ez nintzen "nagusi" bakarra izan. Pentsatzen dut krisiarekin-eta gertatzen ari denagatik. Gutxi gorabehera, gela erdia-edo, gazteak ziren, Lanbide Heziketako aurreko ikasturteetatik zetozenak. Gainetikoak berriz, aurretik jada beharrean jardundakoak, edota beste ikasketa batzuk genituenak.

Zelako harremana eduki zenuen beste ikaskide neska-mutilekin, eta irakasleekin?  

Oso ona. Batere arazorik ez. Oso ondo moldatu ginen denok.
Irakasleek berdin tratatzen gintuzten guztiak, gure gainean zeuden beti, gugatik kezkatzen ziren, ezer behar ote genuen, hortxe geneuzkan… Oso tratu pertsonakoa zen.

Eta zure inguruan-eta ez zen inor zu desanimatzen-edo saiatu?

Ainhoa. Nire inguruan, ez. Aitortu beharra daukat neuk bai, baneukala kezkarik zer aurkitu ote nezakeen han. Neska nintzelako, "heldua", seme-alabekin, Lanbide Heziketako eskola batean… Gehien-gehienak mutiko gazteak izango zirela pentsatzen nuen… Ez nekien zelan lotuko zitzaizkidan horiek guztiak… Eta egia esan, azkenean, txoratzen.

Moduluak bete zituen zure itxaropenak?
  
Beharbada, Kalitatearen arloan, nik aurretik espero baino eduki gutxiago aurkitu nuen. Baina bestetik, uste baino gehiago ekarri zidan nik aurretik ezagutzen ez nuen hainbat alderditan. Niretako oso ona izan zen azken emaitza.

Arazorik izan zenuen lekurik aurkitu zezaten zuretako praktika aldia egiteko?  

Bai, bai. Hori kostatu zen. Ahalegin handia egin zuten eskolatik denoi enpresa bat aurkitzeko. Saiatzen ziren gainera enpresa horiek ahalik eta gehien egokitu zitezen norberak gura zuenari edo ondoen etorri zekiokeenari. Eta nire kasuan gainera, badakit, enpresaren batek atzera bota zuela nire aukera, andrazko izate hutsagatik.

 Behin enpresa idoro zenuenean zure praktikak egiteko, zelan hartu zintuzten enpresan?  

Oso ondo. Han jardun nuen beharrean ohizko tornu eta fresen artean.

Eta lanpostua aurkitzeko garaian? Hori ere kostatu egin zitzaizun?
  
Egia da gero dezente kostatu zaidala lana topatzea. Oraintxe bertan, beharrean hasteko bakarrik ere eskatzen dizute hainbat urteko esperientzia-eskarmentua … Ez dut aukera handirik eduki elkarrizketak ere edukitzeko zerikusia dutenak ikasi dudan Fabrikazio Mekanikoaren arloarekin. Eduki ditudan elkarrizketa gehienek zerikusi gehiago izan dute nire aurreko esperientziarekin Kalitatearen esparruan.
Azkenean, eskolako irakasleetako baten bidetik, egin ahal izan nuen elkarrizketa bat… eta kontratatu egin ninduten. Orain marrazketan dihardut, programazioan, eta beharrean elektro-higadurazko (erosiozko) bi makinarekin.

Pozik zabiltza aurkitu duzun lanarekin? 

Bai, gero eta gehiago.
Kalitatearekin errelazionatutako lanarekin baino gehiago? 

Bai, lan honetan ez zaude besteen lanen menpe egon behar, zure lana ondo egiten baduzu ez dago arazorik.
Ze proportzio daukazue orain zure lan eremuan gizonezko eta emakumezkoen artean?

 Familia enpresa txikia da ni nagoena. 7-8 behargin gara, eta horien artean, andrazko bi. Bada gainera beste emakumezko bat ere administrazioan.

Zergatik uste duzu ez dutela halako lan motatara jotzen andrazkoek?

Ainhoa. Nik uste, lan mota horiek ezagutzen ez dituztelako. Bururatu ere ez zaie egiten halakoa irtenbide profesional guztiz baliagarria izan litekeenik, eta halakoetan andrazkoak ere gizonezkoak beste aukera izan lezakeela.

Zeuk ziklo hau gomendatuko zenuke?

Ainhoa. Bai, bai. Gizonezkoak bezain ondo egin genezake. Niretako, sektore honetan behar egitea, abantaila baino ez da, bai ordutegi aldetik, eta bai kontratuen seriotasunari begira. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina